12-15 metroko zuhaitza da, hostoiraunkorra. Enborrak azal leuna edo zartatua izan dezake, arre-hauskara kolorekoa. Adartxo kurbatu ildaskatuak ditu, pubeszenteak.
Hostoek ez dute estipularik, peziolatuak dira eta bipinnatuak (10-26 pare pinnarekin). Pezioloa 0,5-2 cm-koa da eta zertxobait pubeszentea. 2-10 cm-ko errakisa du, hau ere pubeszentea eta pinna pare bakoitzean guruin handi eta nabaria izaten du. Pinnak 1,5-4 cm-koak dira eta 20-50 pare foliolo dituzte. Foliolo hauek 2-5 x 0,4-0,7 mm-koak dira, linearrak eta borobilduak puntaldean, gehienetan pubeszenteak.
5-6 mm-ko infloreszentzia garatzen du, pubeszentea izaten dena. Loreak pentamerak dira, hori edo urre kolorekoak eta usaintsuak. Kalizak 0,5-0,7 mm neurtzen ditu eta kanpai itxurakoa da. Hodia, lobuluak baino askoz luzeagoa da eta glabroa. Zirkulu-erdi formako lubuluak ditu, pubeszenteak, eta ertz ziliatua dute.
Korola 1,5-1,7 mm-koa da, kanpai itxurakoa eta glabroa. Hodia zilindrikoa da eta honen lobulu eliptikoek 0,5-0,75 mm-ko neurria dute. Estaminak 2,25-2,5 mm-koak dira eta antera guruintsuak dituzte.
5-8 x 0,8-1,2 cm-ko leka itxurako fruitu elipsoidala garatzen du, konprimatua, tentea eta zertxobait kurbatua izaten dena. Haziak kokatzen diren gunean zertxobait hondoratzen da eta glabroa izaten da, arre-berdexka eta dehiszentea. Haziak 4-5 x 2,5 mm-koak dira, elipsoidalak eta konprimatuak. Kolorez arreak dira.