Artxiboak: Habitatak

  • Labarrak

    Labarrak

    Geografian eta geologian, labarrak kostaldeko eraketa bertikal edo ia bertikalak dira. Eraketa geografiko hauek meteorizazio eta olatuen erosio prozesuen ondorioz zizelatuak izan dira eta bizidun askok bertako bizi-baldintzei aurre egin ahal izateko egokiak diren moldaera biologikoak eskuratu dituzte, aniztasun handiko ekosistemak bilakatu direlarik.

    Euskal Herriko labarrak, duela 145 milioi eta 65 milioi urte bitartean sortu ziren, Behe Kretazeoan. Garai horretan gaur egungo Pirinio mendilerroa eta Euskal Herria, Eurasiako plakatik banatzen zuen arro ozeanikoa zegoen. Ibaiek higaturiko materialak arro ozeanikoaren itsas plataforman eta ezpondan metatzen ziren. Tertziarioan, duela 65-2 milioi urte, Pirinioen altxamendua hasi zen eta itsas hondo hori gailentzen hasi zen. Pirinioak altxatzean, eskualde horretan fenomeno geologikoek 180 gradutako bira eman zuten, ordura arte itsas azpiko sedimentazio-ingurua zena kostalde bilakatu baitzen, higadura-agenteen eragina jasotzen hasiz.

    Denboraren poderioz, itsasoak labarrak higatuz joan zen baina harriaren izaeraren arabera, higadura erritmo desberdinetan eman zen. Euskal Herrian, esate baterako, gutxi higatutako labarrak (Ogoño, Matxitxako edo Higer lurmuturrak; Billano, Izaro edo Urgul irlak) eta gehiago higatutakoak (Kontxa, Zarautz edo Bakioko badiak) aurki daitezke.

    Olatuen higaduraren ondorioz, material gogor eta bigunak txandakatuak dituzten harkaitzak higatzen direnean, flyschak sor daitezke. Fenomeno geologiko hau labarra modu desberdin batean higatzen denean gertatzen da. Olatuek oinarri aldean harkaitza jo ahala, goiko aldea euskarririk gabe gelditzen joaten da, azkenik erortzen bukatuko duelarik. Higadura honek abrasio plataformak sortzen ditu (adibidez, Zumaiako Itzurun eta Algorri hondartzetan).

    Biologiari dagokionean, ekosistema hauetan bizitza urria da eta bertan biziraun duten animalia eta landareek moldaera fisiologikoak pairatu behar dituzte. Izan ere, bi faktore nagusi daude itsaslabarretako bizidunengan eragina dutenak: itsasertzeko geomorfologia maldatsua bata eta itsasoarekiko gertutasuna bestea. Horren ondorioz, metro gutxitako tartean bi ekosistema desberdin agertzen dira: mareartekoa eta itsaslabarretakoa.

    Gainera, gazitasun handiko urez zipriztintzeak bizidunei eta bereziki landareei osmosi arazoak sortzen dizkie. Horrez gain, lurzorua urria da eta haizeak gogor jotzen duenez, landare askok ezin dute bertan hazi, haizeak eta eguzkiak landareen transpirazioa areagotu egiten dutelako. Hala ere, faktore horien eragina ez da berdina itsaslabar osoan. Esate baterako, itsasotik hurbilen dagoen aldean, aldapa handiak eta itsasoaren eragina dira bizi-baldintzaren mugatzaileak eta itsasotik urrundu ahala, faktore horien eragina gutxiagotu egiten da eta haizeak protagonismo gehiago hartzen du.

  • Landazabal mediterraneoa

    Landazabal mediterraneoa

    Gizakiak nekazaritzarako eraldatutako lurrek osatzen dute landazabala. Garrantzia berezia du isurialde mediterraneoan, ingurune lauaren ia azalera guztia hartzen baitu era honetako habitatak. Guztiz eraldaturiko ingurunea izan arren espezie askoren bizilekua da landazabala.

  • Larre eta harkaizti alpetarrak

    Larre eta harkaizti alpetarrak

    Larre eta harkaizti alpetarrak zuhaitz-mugatik gora aurki daitezkeen habitatak dira. Euskal Herrian zuhaitz-muga naturaletik gora dauden eremu bakarrak Pirinioetan daude, muga hori 2000 metro inguruko altueran kokatzen baita. Dena den, abeltzaintzaren eraginez zuhaitz-muga asko jaitsi da Pirinioetan (1500 metroraino hainbat lekutan), eta gizakiaren eraginak eta kareharriaren azaleratzeak antzeko habitatak sortu ditu Pirinioetatik kanpoko Euskal Herriko mendigune askotan; Aralarren eta Aizkorrin, kasu.

  • Padurak

    Padurak

    Padurak kostaldeko eremu gazi-geza eta zingiratsuak dira, ibaien bokaletan eratzen diren eta itsas mareen eraginpean dauden hezeguneak. Ibai-itsaso trantsizio hau dela eta, padurak ekosistema konplexuak dira, dinamikoak, aldakorrak eta biodibertsitate handikoak.

    Geografiari dagokionean, padurak eremu lauak dira, itsasoaren, ibaien eta ingurune lehorraren arteko trantsizio-habitatak. Gehienetan itsasadarrei loturik egoten direnez, lurzoru areatsuak edo buztintsuak izaten dituzte eta maiz gainera, estuario eta deltekin batera agertzen dira.

    Organismo ugariren bizileku dira padurak. Hezegune hauetan landare belarkara semi-urtarrak nagusitzen dira. Izan ere, ibaiek garraiatutako buztinen eta hondarraren nahasketak maiz zohikaztegiak eratzen ditu, oso lur emankorrak direnak. Hala ere, gatz kontzentrazio aldaketa bortitzak eta egunean marea igoera bi pairatu behar izan dituzte bertako landareek eta beraz, aurkitzen ditugun espezie belarkarak urriak dira eta aldaketa hauei moldatuta egoten dira.

    Dena den, komunitaterik berezkoenak, gatz-eduki altuak dituzten lurretan garatutakoak dira, eta aniztasun handia azaltzen dute. Lokatzetan landare mamitsuak dira nagusi eta, haien artean, Salicornia ramosissima populazioak azpimarra daitezke. Aldiz, eremu lehorretan urteroko landare galkorren taldeak agertzen dira, Hymenolobus procumbens, Spergularia diandra edo Frankenia pulverulenta bezalakoak. Lurrik hezeenetan, zelaiak garatzen dira eta, bertan, Puccinellia fasciculata edo ihidi halofiloak, Juncus maritimus. Uraren eraginetik libre dauden muino txikietan, Suaeda veraren sastrakadi halofiloak agertzen dira. Azkenik, ertz lehorretan, estepa gazietako komunitate bereziak agertzen dira, Limonium catalaunicum edo Salsola vermiculata azpimarratzekoak.

     

    Materia organiko kontzentrazioa eta argitasuna handia direnez, organismo mikroskopiko ugari aurkitzen dira bertan, elika-katearen oinarri direnak. Ornogabe (mulusko, krustazeo…) eta ornodun ugari bizi dira paduretan baina bereziki hegazti espezie dibertsitate handia izateagatik dira ezagunak.

    Euskal Herriko kostaldean zehar padura ugari aurki daitezke baina bereziki aipatzekoak dira Urdaibai eta Txingudiko padurak.

  • Pinadi alpetarrak

    Pinadi alpetarrak

    Pinadi alpetarrak Pirinioetan 1000 eta 1700 metro bitarteko altueran aurki daitezkeen koniferoz osaturiko habitatak dira. Izeiak izan ohi dira espezie ugarienak, bereziki izei gorria (Picea abies), mendi-magalak estaltzen dituena.

  • Pinadi mediterraneoak

    Pinadi mediterraneoak

    Baso hauek klima mediterraneoetan eratzen dira, negu epel, uda lehor eta udazken eta udaberri euritsuak dauden lekuetan, hain zuzen. Ondorioz, begetazioa xerofiloa da, udako lehorteak jasateko prestatua. Suak paper garrantzitsua jokatzen du baso hauen dinamikan eta hori dela eta, bertako espezieek mekanismo ugari garatu dituzte suteetara moldatzeko (enbor-azal lodiak, berriro hazteko gaitasun handia…).

    Euskal Herrian habitat hau Kantauriar Mendikateko hego magalean hasten da eta Nafarroako hegoalderaino zabaldu. Zuhaitz arruntenak pinuak dira, bereziki pinu gorria, baina baita ipuruak ere. Gainera, hainbat onddo espezieren bizileku ere badira.

    Faunari dagokionean, beste habitat mediterraneo batzuk baino txiroagoa da eta hegaztiak izan ohi dira pinadi hauetako espezierik arruntenak.

  • Sastrakadi mediterraneoak

    Sastrakadi mediterraneoak

    Baso hauek klima mediterraneoetan eratzen dira, negu epel, uda lehor eta udazken eta udaberri euritsuak dauden lekuetan, hain zuzen. Ondorioz, begetazioa xerofiloa da, udako lehorteak jasateko prestatua.

    Suak paper garrantzitsua jokatzen du baso hauen dinamikan eta hori dela eta, bertako espezieek mekanismo ugari garatu dituzte suteetara moldatzeko (enbor-azal lodiak, berriro hazteko gaitasun handia…).

    Euskal Herrian habitat hau Kantauriar Mendikateko hego magalean hasten da eta Nafarroako hegoalderaino zabaldu. Sastrakadiak giza aktibitatearen ondorioz sor daitezke edo asalduraren baten ondorioz garatutako komunitate iragankorra izan daitezke.

    Izenak dioen moduan, landaredi nagusia sastrakadia da, zuhaixka txiki eta arantzatsuak nagusitzen direlarik bertan. Hauen argiguneetan landare aromatikoak haz daitezke, baita belarkarak eta landare geofitoak ere. Espezie nagusiak endalaharra, txorbeltza, gartxuak, txara, erromeroa eta ezkaia dira.

    Faunari dagokionean, sastrakadi mediterraneoak txori espezie txiki askorentzat bizitoki ezinhobea dira, alde batetik zuhaixka hauetako askok fruitu jangarriak ematen dituztelako eta bestalde, intsektu asko erakartzen dituztelako. Gainera, sastrakadien egitura trinkoak ezkutaleku apropos bilakatzen ditu ugaztun txikientzako ere.

  • Txilardiak

    Txilardiak

    Txilardiak, ainar edo txilarrek eratutako larre koloretsuak dira. Hauek lur txiro eta azidoetan hazten dira, eta bereziki lur areatsuetan.

    Txilardiak baldintza klimatiko epel eta hezeak dauden guneetan nagusitzen dira eta Euskal Herrian bi txilardi mota nagusi daude. Alde batetik ipar eskualdeko mendi magaletan aurkitzen direnak, 1000 metroko altitude inguruan; eta bestalde, Euskal Herriko hegoaldeko txilardi mediterranearrak. Euskal espezierik arruntenak ainar arrunta (Calluna vulgaris) eta Erica generoko espezieak dira.

    Faunari dagokionean, txilardietako animaliarik arruntenak hegaztiak dira (hegatxabalak, tuntunak, buztanzuriak, pitxartxarrak, txokak, txirtak, buztangorriak…) baina intsektuentzako bizileku ezinhobea ere badira (txingurriak, sitsak, tximeletak, liztorrak, erleak…). Ugaztun gutxi batzuk ere topa daitezke txilardietan, esate baterako, erbiak, satorrak eta trikuak.

  • Urmaelak

    Urmaelak

    Urmaelak, ur gezaz osaturiko aintzira edo laku txikiak dira. Hauek depresio topografikoetan ura pilatzean eratzen dira eta ur honek jatorria ibaietan, ur freatikoetan edota euri-uretan izan dezake.

    Urmaeletakoa, ekosistema dinamikoa da, urtaroaren eta klimaren arabera aldatzen dena.Ondorioz, udan eta neguan baldintza desberdinak aurkituko ditugu urmaeletan. Ehun metroko sakoneraraino, urmaeletako goi-geruzak argiz, tenperatura epelez, oxigenoz eta elikagaiz ondo hornituta baldin badaude, plankton eskuragarritasun handia azaltzen dute. Aldiz, ur-sakonagoetan bakteriak nagusitzen dira. Hori dela eta, urmaeletako landaredia hiru gerriko nagusitan banatzen dela esan daiteke: ur irekietako, sakonera txikiko uretako eta ertzetako gerrikoetan.

    Ur irekietan, urmaeletan bizitzeko moldaturiko berezko landarediaren komunitaterik espezializatuenak agertzen dira. Sakontasun handieneko alderdietan landare baskularrek garatzeko zailtasun handiak dituzte eta horregatik bertan agertzen diren ekoizle primario bakarrak alga zelulabakarrak eta zianobakterioak dira. Sakonerak argia hondoraino iristea galarazten ez duen aldeetan ordea, landare handiagoak gara daitezke eta horregatik landare-dibertsitatea askoz handiagoa da bertan. Hauetan era askotako landare urtarrak ditugu: uraren gainazalean flotatzen bizi direnak, beti uraren azpian bizi direnak, organo batzuk uretan eta beste batzuk uretatik kanpo dituztenak, etabar. Landare-komunitate hauek oso bereziak dira, substratuko gatz kontzentrazioaren menpe eta lurpeko geruza freatikoaren mailaren menpe bizi baitira. Arruntak dira, esate baterako Ruppia cirrhosa, Potamogeton natans eta Potamogeton x variifolius bezalako landare urtarrak eta alga karazeoak.

    Sakonera txikiko uretan garatzen diren landare-komunitateei dagokienez, kontuan izan beharrekoa da ur-mailaren aldakortasunari aurre egiteko ongi moldaturiko landare-espezieez osatuta egon behar dutela, hauek baitira denboran zehar hezeguneetan gertatzen diren uraren gorabeherak jasan behar izaten dituztenak. Gerriko honetan bizi diren landareak sustraiak uretan eta aparatu begetatiboa uretatik kanpo mantentzen dituzten belar-espezie gogorrak eta oso lignifikatuak izan ohi dira eta heliofito izenez ezagunak dira.

    Ertzetan, ordea, lurzoruaren hezetasun handia eta geruza freatikoa lurrazaletik hurbil dagoelako bereizten den aldean hain zuzen ere, ur eta lehorraren arteko trantsizioa mugatzen duen landare-gerrikoa garatzen da. Bertan ongi bustitako lurzoruetan bizitzeko moldatutako belar-espezie desberdinekin batera, sahats, haltza, milazka eta antzeko zuhaitz eta zuhaiskez osatutako zuhaiztiak agertzen dira. Era berean, lezkadi eta belardi-ihidi formazioak ager daitezke.

    Faunari dagokionean, urmaeletako elikagai-aberastasunak ekosistema hauek animalia-komunitate jori eta interesgarrien gordeleku izatea eragiten dute. Anfibio espezie askoren bizi-zikloa osatzeko beharrezko ingurunea dira eta hegazti eta ugaztun askorentzako ura modu erraz batean eskuratzeko gunea. Hori dela eta, maiz ikus daitezke urmaeletan ura edaten basurdeak edo orkatzak bezalako ugaztun handiak ere.