Sagu emeek sei eguneko araldia izaten dute baina egun bakar batez egoten dira ugalkor. Gainera, ikusi izan da zenbait eme elkarrekin biziz gero, arren presentziarik ezean, ez dutela araldirik izaten. Aldiz, arren gernuarekin estimulatuz gero 72 ordutan sar daitezke araldian.
Sagu arrek emeak gorteiatzen dituzte oihutxo ultrasoniko txikiak igorriz, 30-110 kHz ratioan egoten direnak. Oihutxo hauek bereziki arrak emea usaintzen duenean eta honen atzetik doanean egiten ditu. Hala ere, behin estaltzea hasi denean oihutxoek jarraitzen dute eta bat etortzen dira arraren sartu-atera mugimenduekin. Gainera, emeen feromonek oihutxo hauek igortzera bultza ditzakete arrak.
Bokalizazioak indibiduoen artean desberdinak dira eta txorien kantuekin alderatu izan dira, konplexutasun mailari dagokionean. Emeek oihutxo utrasonikoak egiteko ahalmena duten arren, ez dituzte normalean horrelakoak igortzen estaltzean zehar.
Estaltzearen ostean, sagu emeek “kopulazio tapoi” deritzon egitura garatzen dute, estaltze gehiago gertatzea ekiditen duena. Tapoi hau bagina inguruan mantentzen da 24 orduz.
Ernaldiak 19-21 egun irauten ditu eta 3-14 sagutxo erditzen dituzte emeek (bataz beste 6-8). Eme bakoitzak 5-10 kumaldi izan ditzake urtean eta, beraz, sagu populazioak oso azkar hazten dira. Etxe saguak urte osoan zehar ugal daitezke baina gizakitutako guneetan bizi ez diren saguak ez dira sasoi hotzean zehar ugaltzen (hala ere, ez dute hibernatzen).
Sagutxo jaioberriak itsuak dira eta ez dute ilerik. Ilea jaio osteko hirugarren egunean hasten da agertzen eta begiak bigarren astean zabaltzen dituzte. Sagu arrek zortzi asterekin lortzen dute heldutasun sexuala eta emeek sei asterekin. Hala ere, ar zein emeak bosgarren astetik aurrera ugal daitezke.