Untxiaren bizimodua eta bizi eremua oso dago lotuta babeslekuarekin, bizitzaren denborarik gehiena zulo edo habien inguruan igarotzen baitu. Hau honela, habiaren inguruko baliabideak murrizten joan ahala babeslekutik urrundu beharra izaten du, baina beti ere berehala itzultzeko, gradiente espazial nabarmen bat sortuz landaredian. Egun argiaren zati handiena zuloetan igarotzen du untxiak, batez ere kumeak dituenean, harrapari hegalariengandik babesean. Gaua eta ilunabarra dira aktiboen izaten den unea eta eguzkia gordetzen denetik egunsentira arte elikatzen da, gaueko harrapariengandik babesteko eta elikatzeko eremu irekietara jotzen duelarik. Nola ez, aktibitatea faktore klimatikoen eta urtaroen arabera aldakorra da. Udazkenean eta neguan aktibitatea ia nulua da, irailetik aurrera handitzen delarik abendura arte.
Untxia animalia lurtar lurraldekoia da eta 20 kide helduz osatutako kolonia edo taldetan bizi eta bazkatzeko joera du. Egituraketa sozial oso konplexua du untxiak, ugal arrakastarekin oso lotuta dagoena. Ar dominatzaile bakarra, hainbat eme ugalkor eta gazte zein menpeko ar batzuez osatuta egoten dira koloniak. Egituraketa honetan elikagai eskuragarritasunak eta babesgune kopuruak eragin zuzena du, zenbat eta baldintza hobeagoak izan hierarkiaren zurruntasuna txikitu egiten delarik, eta alderantziz. Faktore beren menpekoa da kolonien tamaina, baldintza faboragarrietan indibiduo gehiagoko taldeetan elkartzen direlarik. Egituraketa sozialerako beste elementu gako bat, batez ere emeen artekoa, zuloak egiteko gaitasuna da. Bi sexuetako banakoek defendatzen dute lurraldea eta emeak babesgune edo habiengatik lehiatzen diren bitartean, arrak emeak estaltzeko lehentasunagatik lehiatzen dira.
Lurralde babestuaren tamaina urtaroen eta gune geografikoen arabera aldakorra da, baina ez da ez sexuaren, ez elikagai eskuragarritasunaren edo kalitatearen araberakoa. Badirudi, aldakortasun honen jatorria landarediaren estalduraren araberakoa dela, zenbat eta estaldura handiagoa izan orduan eta eremu txikiagoak babesten dituelarik. Bestalde, gauez eremuok handiagoak dira egunez baino.
Habitataren eta lurzoruaren baldintzek baimentzen badute, untxiak lurpeko habia sistema konplexuak sortzen ditu. Tunel sistema konplexu hauek kanpora ateratzeko zulo ugari izan ohi dituzte eta hainbat untxi belaunaldiren lan gogorraren emaitza izaten da. Esan daiteke, babesgune sistema hau untxiaren arrakastaren atzean aurkitzen den elementu garrantzitsuenetako bat dela, babes fisiko bat eskaintzeaz gain mikroklima egonkor baten mantenua baimentzen baitu. Hezetasuna eta tenperatura leuntzen dituenez, transpirazio eta deshidratazio mailak baxu mantentzen dira, termo-erregulazioan inbertitu beharreko energia murrizteaz gain.
Gorotz lehorrak monopolizaturiko lurralde osoan zehar banatzeaz aparte, untxiak gorotz pilaketa batzuk sortzen ditu. Multzo hauek interakzio sozialerako guneen kokapena eta lurraldearen mugapena zehazteko funtzioa dute. Arrak dira hauen mantenua burutzen dutenak eta gorotzez gain, pixa eta beste sekrezio batzuk ere gehitzen dituzte.
Lagomorfo guztiek bezala, untxiak zentzumen organo oso zorrotzak ditu, animalia iheslaria izaki harraparien presentziaz berehala ohartu beharra baitauka. Harrapari potentzial baten presentzian, etsaiak ikusiko ez duen esperantzaz, geldirik pausatu ohi da momentu batez. Momentu horretan atzeko hankekin lurra kolpatzen du, behin edo gehiagotan asaldapen mailaren arabera. Azkenik, babesleku batera lasterka eta brinkoka ihes egiten du. Azken jokabide honekin lotzen dira gauetan errepideetan gertatzen diren auto harrapaketak.
Orokorrean oso animalia isila bada ere, garrasi ozenak egiteko gai da izututa edo zaurituta dagoenean. Beste komunikazio bide erabilienak kontaktu fisikoa eta usaimena dira.