Euskal Herriko saguzarren artean ikusienetakoa eta ezagunenetakoa da pipistrelo arrunta, tamainaz Europako txikienetakoa izan arren, giza jarduerekin lotutako eremuetan aurkitzea oso ohikoa baita. Kale-argien inguruan pilatzen diren intsektu multzoak ehizatzen ibili ohi da sarritan eta landa eremu zein herrietako eraikin zahar edo erdi abandonatuetan bilatzen du babesa uda partean. Batzuetan, kolonia handi xamarrak sortzera ere heltzen dira, batez ere uda amaieran.
Berriki Pipistrellus pipistrellus bezala ezaguna zen espezietik bi espezie ezberdin bereiztu dira, bata izen zaharrarekin gelditu den pipistrelo arrunta eta bestea, Pipistrellus pygmaeus, izen arruntez pipistrelo mediterraneoa. Beraz, egun aurkitu daitekeen informazio gehiena banaketa aurretik sortutakoa da. Lan honetan ere, ziurrenik, ez da bereizketa egokirik egingo.


